EMAKUMEOKLIMA

ALBISTEAK

5-11-2019

Emakumeok Klimaren Alde Sarearen Foroak genero ikuspegiaz heltzen dio klima-aldaketari

Emakumeok Klimaren Alde Sarea jendaurrean aurkeztu zen Emakume Aktiboen Sarearen Foroan, Iruñeko Kondestablearen Jauregian bildu zenean azaroaren 5ean. Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak sustatu zuen topaketa hura, eta Lursarea-Nasuvinsaren laguntza teknikoarekin antolatu. 

Gehiago irakurri

Jardunaldira 60 bat lagun bildu ziren eta Itziar Gómez López Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eman zion hasiera, ordura arte eginiko lanaren garrantzia azpimarratuz bere hitzaldian.  “Gaur aurkeztu dugun sare hau, Emakumeok Klimaren Alde Sarea, landu eta abiatu da emakumeek klima-aldaketaren alorrean egiten dituzten ekarpenak aintzat hartu eta sustatzeko –esan zuen–. Aukera bat da berdintasunaren eta klima-aldaketaren alorreko neurriak txertatzeko Nafarroako politika publikoetan eta gure gizarteko sektore guztietan”.

Eva Istúriz Garcíak, bestetik, NABI-Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak, zera adierazi zuen: ”Klima aldaketaren ondorioek emakumeei kalte handiagoa egiten diguten arren, bizi ditugun desberdinkeriak eta bazterkeriak direla-eta, lurraldeen jasangarritasunerako funtsezkoak diren aldaketen eragile ere bagara”

María Pazos Morán hizlariak, ekonomia feministan aditua bera, aldaketa errotikako bat eskatu zuen “balio, jokamolde eta politika publikoetan” larrialdi klimatikoari aurre egiteko.

Jardunaldiak balio izan zuen, orobat, jakitera emateko klima aldaketari genero ikuspegiaz aurre egiten dioten zenbait lan-esperientzia.  Hala bada, Maite Arrondo Segovia etxebizitza politiketarako ahokulariak azaldu zuen nola emakumeek zailtasun handiagoa duten etxebizitza gastuei aurre egiteko eta esan zuen bizitzarako prestaturiko hiriak planifikatu beharra dagoela; Dina Garzón Pachecok Mujeres con Energía kooperatiba ekofeministaren lehen urratsen berri eman zuen eta Federica Raverak, Universitat de Vic – Universitat Central de Catalunya-ko ikerlariak, bere ikerketak izan zituen hizpide, agroekologia, genero eta klima aldaketaren arloan egin dituenak munduko hainbat tokitako emakume nekazari eta abeltzainekin. Amaitzeko, Esther Carrizok umore ukitua ekarri zuen ekitaldira bere clown-ondorien bidez.

30-10-2019

Emakumeok Klimaren Alde Sarearen Foroak genero ikuspegiaz heltzen dio klima-aldaketari

Komunikazio arloko 60 bat aditu Bertizko Jauregian bildu ziren joan den urriaren 28tik 30era arte, “Klima-aldaketari buruzko Komunikazio eta Hezkuntza arloetako erantzunak” XVI. Mintegian. Jardunaldi horietan hausnarrean jardun eta eztabaidan aritu ziren, klima-aldaketaren arazoaren berri zer-nola zabaldu aztertuz.

Gehiago irakurri

Topaketa elkarrekin antolatu zuten Klima-aldaketarako Espainiako Bulegoak (OECC) eta Ingurumen Hezkuntzaren Zentro Nazionalak (CENEAM), Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren mendeko erakundeak biak, eta Nafarroako Gobernuak. Bertan bildu ziren bai klima-aldaketan adituak diren komunikazioko profesionalak, bai zenbait unibertsitateko ikerlariak, bai eta klima-aldaketa alorreko arduradunak ere, hala Ministeriokoak, nola zenbait autonomia erkidego, udal, GKE, enpresa eta aholkularitzatakoak ere.

Mintegian Fridays For Future-ko gazte batzuk beren esperientziez eta itxaropenez mintzatu ziren; “larrialdiak, utopiak eta errealitateak” gaiei buruzko lantegi bat egin zen, baita beste bat ere, adierazpen artistikoa, emozioak eta klima-aldaketa uztartu zituena; klima-larrialdiaren gaineko mintzaldiak eta mahai-inguruak antolatu ziren eta antzezlan bat ere jokatu zen, Trokolo taldeak “O me atienden ya o me voy” komedia taularatu baitzuen.

Emakumeok klimaren alde Sarearen esperientzia

Mintegian zehar, gizarte erakunde eta instituzioek klima-aldaketaren inguruan sustaturiko hainbat programa, egitasmo eta esperientzia jakinarazi ziren, hezkuntza, sentsibilizazio eta komunikazio alorretakoak guztiak ere. Nafarroako Lursarea Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentziako teknikariek azaldu zuten nola joan zen Emakumeok klimaren alde Sarearen partaidetza “esperientzien azoka txikian”.

Bestetik, urriaren 24tik azaroaren 3ra arte ikusgai egon zen, Bertizko Jauregian berean, “Mitigación, la otra lucha contra el cambio climático / Moldaera, klima-aldaketaren aurkako beste borroka” izeneko erakusketa, KLINA-Klima Aldaketari buruzko Ibilbide-orriaren  eta LIFE NADAPTA proiektuaren esparruan antolatu dena, Nafarroako Gobernuaren Herritarrentzako Arretarekin batera.  

8-11-2019

COP25 klimaren gailurra Madrilen eginen da abenduaren 2tik 13ra bitarte

Madrilgo IFEMA erakustazokan eginen da Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Biltzarra (COP25). Abenduaren 2tik 13ra bitarte eginen da gailurra, aurreikusi baino zenbait egun lehenago.

Gehiago irakurri

Herrialde barneko egoera korapilatsua dela-eta Txileko Gobernuak ekitaldia antolatzeari uko egin ondoren, Espainiako jarduneko Gobernuak gailurra hartzeko eskaintza egin zuen, eta Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioak (CMNUCC) ontzat hartu zuen proposamena. Txilek topaketen lehendakaritzari eutsiko dio eta hark koordinatuko ditu biltzarrera bertaratuko diren ia 200 herrialderen ordezkaritzen arteko negoziazioak.

195 herrialdek edo aldek sinatu dute CMNUCCren tratatua, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko hainbat betebehar oinarrizko ezartzen dituen ituna. Aldeen lehen Biltzarra (COP) Berlinen egin zen 1995ean eta dagoeneko 24 egin dira, azkena iaz egin zelarik, Katowice-n (Polonia). Biltzar horien helburu nagusia da ekinbide klimatiko zehatza mesedetzea, bermatuz bai alde guztiak barne hartzen dituen prozesu bat egiten dela, bai mundu zientifikoa eta sektore pribatua formalki txertatzen direla.

Madrilgo gailurrean zazpi gai nagusi jorratuko dira: ozeanoak, Antartika, biodibertsitatea, basoak, moldaera, hiriak, energia berriztagarriak, ekonomia zirkularra eta elektro-mugigarritasuna. Topaketak balio beharko du herrialdeetako negoziatzaileek beroketaren aurkako Parisko Hitzarmena garatzeko erregelamenduari amaiera emateko, heldu den hamarkadan aplikatuko baita. Baina, bestetik, espero da herrialde gehiagok bat eginen dutela berotegi efektuko isuriak murrizteko planak handitzeko konpromisoarekin. Horrez gain, biltzar hauek topagune ere badira, aditu, enpresa, nazioarteko erakunde eta gobernuz kanpoko erakundeen klimari buruzko azken txostenak aurkezteko balio dutenak.

8-11-2019

Emakumeok Klimaren Alde Sarea abian da: bat egin nahi duzu?

Abian da Emakumeok Klimaren Alde Sarea. Erakundeek, enpresek, elkarteek eta herritarrek osaturiko sare bat gara eta gure xedea da eredu ekonomiko eta sozial bidezkoago eta jasangarriago baterantz bide egitea. Hala, klima aldaketa moteltzen lagundu nahi dugu eta haren ondorietara egokitu ere bai.

Sarearen oinarrizko printzipioa da emakumeek klima aldaketari aurre egiteko duen betekizuna ikusaraztea eta emakumearen ekinbidea sustatzea. Ezagutza, esperientzia eta bizimodu jasangarrien berri elkarri emateko plataforma bat izan nahi du.

Gehiago irakurri

Nafarroako Klima Aldaketari buruzko Ibilbide-orriak (KLINa), 2018ko urtarrilean onetsitakoak, jada azpimarratzen zuen zer garrantzitsuak diren genero ikuspegia berariaz lantzen duten “Klima aldaketaren alorreko plataforma eta foroak”.

KLINarekin bat, “Emakumeak eta klima aldaketa” topaketa egin zen 2018ko urriaren 15etik 16ra, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak eta Nafarroako Parlamentuak antolatuta. Lansaio hartan “Emakumeok Klimaren Alde” deklarazioa onetsi zen, Emakumeok Klimaren Alde sarea sortzeko oinarriak ezarri zituena. Deklarazioak 235 sinadura baino gehiago jaso ditu Nafarroako eta kanpoko antolakunde publiko eta pribatuen eta partikularren artean; guztiek konpromisoa hartu dute klima aldaketa borrokatzeko eta hartara egokitzeko ekintzak egiteko, genero ikuspegi batetik.

Generoa eta klima aldaketa

Ikerketek agerian jartzen dute emakumeak zaurgarriagoak direla klima aldaketaren aitzinean, haien artean pobrezia eta segurtasun eza handiagoa delako eta planetaren alde aunitzetan lurraren jabetzara eta kreditura iristen ez direlako. Bestalde, azterlanek orobat erakusten dute emakumeek portaera jasangarriagoak agertzen dituztela mugikortasunari, energiaren kontsumoari eta baliabideen erabilerari dagokionez.

Gaur egun badira emakumeek bultzatutako hainbat ekimen eta plataforma, emakumearen zeregina errebindikatzen dutenak klima aldaketaren kontrako eragile aktibo gisa: Madres por el Clima, Inmujeres, Woman Gender Constituency, Women lead Climate, 1 Million Women, WECAN, The WI Inspiring, Women, Homeward Bound eta abar. Hala ere, emakumeen ordezkaritzak hutsaren hurrengoa izaten segitzen du fenomeno hau borrokatzeko erabakiak hartzen diren lekuetan. Horregatik, beharrezkoa da genero ikuspegia txertatzea klima aldaketa apaltzeko eta hartara egokitzeko ekintzetan, eta orobat beharrezkoa emakumeek alor honetan egin dituzten ekarpen nabarmenak agerian jartzea eta gure eskarmentua eta ezagutzak baliatzea, alegia, krisiari aurre egiteko gure modu berezia, klima aldaketaren kontrako borrokan buru egiteko. Genero berdintasuna ezinbesteko baldintza da garapen jasangarrirako eta erronka klimatikoen kudeaketa eraginkorrerako.

Eman ezazu izena Emakumeok Klimaren Alde Sarean!

29-10-2019

Genero-ikuspegidun hirigintza Ingurumen Iruñeko Heziketarako Museoan

Urbanas kolektiboak urriaren hondarrean bi jarduera antolatu zituen genero-ikuspegidun hirigintzari loturik. Batetik, Maite Arrondok, zeina aholkularia baita etxebizitza politiketan berrikuntza dakarten sare eta proiektuetan, hitzaldi hau eman zuen 29an Iruñeko Udalaren Ingurumen Heziketarako Museoan: “Ciudad y mujer: retos pendientes”.

 

Gehiago irakurri

Bertan azaldu zuen zer den genero-ikuspegidun hirigintza eta zer egoeratan dauden emakumeak etxebizitzarako eskubideaz den bezainbatean. Aipatu zuenez, bizileku gabeziak edo pobrezia energetikoak gehienbat emakumeei eragiten diete eta, beraz, arazo horiei heltzeko neurriek errealitate hori hartu beharko lukete kontuan.

Biharamunean, kolektiboak Arrosadian barnako ibilbide bat egitea proposatu zuen eta hartan arakatu zen ea nola erabiltzen duten biztanleek beren auzoa, eredutzat harturik Jane Jacobs hirigile kanadarrak eginiko ibilbideak. Auzoan barnako itzulian zehar nabarmendu zen zeinen garrantzitsua den bizikidetzarako guneak sortzea eta auzoak ulertzea jende guztiaren erabilera eta beharrak aintzat hartuz. Ibilaldi gidatua diseinatzeko zenbait bilera egin ziren auzokoen auzoko elkarteen partaidetzarekin, genero eta irisgarritasun irizpideak ere landu zirelarik.

8-11-2019

Gizarte eta Elkartasun Erakundeek Ekonomia Zirkularrean duten rolari buruzko Nazioarteko Hirugarren Konferentzia

Azaroaren 6tik 8ra bitartean, Gizarte Erakundeek eta Erakunde Solidarioek Ekonomia Zirkularrean duten rolari buruzko 3. Nazioarteko Konferentzia hartu du Nafarroak, konponketa, berrerabilpena eta birziklapena sustatzen duten gizarte-erakundeen Europako sareak (RREUSE) antolatuta, Espainiako ekonomia sozial eta solidarioko erakundeen sarearekin (AERESS) eta Nafarroako Emauseko Trapuketariekin lankidetzan.

Gehiago irakurri

AERESSen 25. urteurrenarekin bat egiten duen topaketan, eztabaidak, workshopak eta tailerrak garatu dira. Horietan, konponketaren eta berrerabilpenaren arloko erronkak eta jardunbide egokiak aztertu dira, trantsizio inklusiboa eta zirkularra lortzeko bi tresna diren aldetik. Biltzar honek bildu ditu gizarte ekintzaileak, tokiko, eskualdeko eta nazioarteko politiken sortzaileak, udalak eta sektore pribatuko ordezkariak, eta horrek sareak eta sinergiak sortzeko aukera eman du.

Zatoz Sarera!

© Emakumeok Klimaren Alde Sarea. - Pribatutasun-politika - Legezko oharra . Cookie-en politika

© Emakumeok Klimaren Alde Sarea. - Pribatutasun-politika - Legezko oharra . Cookie-en politika